XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3. Nekazariak eta industriako langileak

Liberal moderatuen arabera jabetzarik ez zutenak ez ziren pertsona argiak eta, beraz, eskubide politikoak baliatzeko gaitasunik ez zuten.

Langileen artean nagusi ziren laborantzako jornalariak, eta hauek lurrak sarritan okupatu zituzten, uztak erre eta bestelako agitazio-ekintzak bideratu. 1844. urtean sortu zuten Goardia Zibila mugimendu horiek kontrolatu eta erreprimitzeko. Sixto Cámararen Partido Democrático alderdiak bideratu zituen protesta horiek 1854an.

XIX. mendearen bigarren erdialdean hazi zen industriako langileen taldea (industriako jornalariak), Kataluniako gizartean bereziki.

Hirietan, halaber, gora egin zuen artisauen kopuruak. 1869an eratu zuen langile-talde batek Lehen Internazionalaren sekzioa Espainian.

I. Garai honetako gizartea osatzen zuten taldeen eskema itxuratu eta Lege Zaharreko gizartearekin aldera ezazu, aldeak eta antzak zehaztuta.

4. Gizarte mailak Euskal Herrian

Hiriguneak eta landa-eremuak bereizi behar dira XIX. mendearen erdialdeko gizarte mailak aztertu ahal izateko.

Euskal Herriko atlantikoaldeko nekazari eremuetan, aipagarri ziren baserri ugarien jabeak, hiriguneetan bizi zirenak (handikiak).

Madrilen bizitzen jarriak ziren ordurako haietako batzuk. Oinetxeetako aristokrazia zaharraren oinordekoak ziren.

Nekazari-herrietan aipagarri ziren erdi mailako jabeak, aurrekoen eskutik zihardutenak askotan. Horiek ziren, hain zuzen ere, herriko instituzioetako buruak. Beren jabetzei ahalik eta errenta gorena ateratzea zuten helburu. Epe laburrerakoak izaten ziren horregatik (9 urte), maizterrekin izenpetzen zituzten kontratuak.

Aitzitik, epe luzerako izan ohi ziren jabe handien maizter-kontratuak.

Belaunaldiz belaunaldi igarotzen ziren alokairu haiek eta, hortaz, beste horiengandik jasotzen ez zuen segurtasuna izaten zuen maizterrak.

Langileriak bere lan-indarra besterik ez zeukan.

Behera egin zuen jabe txikien kopuruak eta okerrera jo zuen, aurreko belaunaldien garaien aldera, haien bizi-mailak.

Nekazari-eremuko herri guztietan maizterrak ziren biztanle aktibo gehienak.

Maizterren artean ere, ongi bereiz zitezkeen nahiko aise bizi zirenak eta bazter baserri txiroetan bizi zirenak.

Krisialdietan aski argi ikusten da eskaleen kopuruak gora egiten zuela haien artean.

Hiriguneetan, berriz, burgesia finantza-merkataria zen nagusi eta gidari, oinetxeetako aristokrazia osatzen zuten taldeekin batean.

Garrantzitsua zen, halaber, artisauen eta merkatari txikien gizarte-taldea.

Azkenik, hazi egin zen jornalarien (hau da, eguneko soldataren truke lan egiten zuten langileen) kopurua. Jarduera desberdinetan aritzen ziren langile hauek urtean zehar.

Lege Zaharraren araberako hirian, gizarte-klaseek amankomunean zituzten bizi-esparruak eta etxebizitzak.

2. Aldera itzazu XIX. mendeko Euskal Herriko nekazari-eremuan eta hiriguneetan bizi ziren gizarte-taldeak.